XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bitxi bakar bat dut bizia baino maiteago: neure birjintasun osoa; eta ez dut eskainkarien eta eskupekoen ordain saltzeko asmorik, azkenean saldua gertatuko bait da; eros badaiteke, berriz, oso balio gutxikoa izango da: ez didate, beraz, axarikeriaz eta iruzurrez kenduko; irudikeria eta amets txoroek eraso eta esku-ikutuka erabil diezadaten baino lehen joango naiz berorrekin hilobira eta, agian, zerura.

Ahal delarik irudimenez ere iraintzen utzi behar ez genukeen lorea da birjintasuna.

Larrosa, larrosondotik ebakiz gero, benetan azkar eta erraz igartzen da, bai: hau ukika, hori usainka, bestea kimaketan hasten zaizkio; eta, azkenean, esku baldarretan hondatua geratzen da.

Zuk, jauna, bitxi horren bila bazatoz, jakin ezazu ez duzula zeurekin eramango ezkontzaren lokarriz eta korapiloz loturik izan ezik; izan ere, makurtzekotan, uztarri santu horren azpira makurtu behar du birjintasunak; hori ez bait litzateke galtzea, zorionezko iturri daitezkeen azoketan erabiltzea baizik.

Nire senar izan nahi bazendu, zeure emazte nauzuke; baina, aurretik baldintza asko bete eta behar diren azterketak burutu behar dira lehenbizi: diozun hori zaren, jakin behar dut aurrena; gero, hau egia balitz, gurasoen etxetik aldegin eta gure arrantxoak hartu beharko dituzu haren ordezkotzat; eta, ijitoz jantzirik, bi ikasturte eman beharko dituzu gure eskoletan.